COVID-19aren intzidentziak behera egin du Euskadin, hainbat astez gora egin ondoren

0
  • Beste arnas-infekzio batzuekin ere gertatzen diren berezko «gailurrak» eta «haranak» alde batera utzita, funtsezkoena da ikustea txertaketari esker eta egungo aldaeren ondorio ez hain larriari esker, COVID-19aren inpaktua nabarmen murriztu dela 

Hainbat astez etengabe gora egin ondoren, COVID19aren intzidentziak behera egin du azken astean (ekainaren 10etik 16ra), eta gripearen birusaren zirkulazioak eta bronkiolitisaren diagnostikoek, berriz, balio baxu eta egonkorretan jarraitzen dute. Hala baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi duen Arnas Infekzio Akutua (AIA) zaintzeko Euskadiko azken txostenak. Hala eta guztiz ere, egoera monitorizatzen jarraitu behar da, behatutako jaitsiera hurrengo asteetan areagotu dela ziurtatzeko.

Nolanahi ere, kontuan izan behar da COVID19ak, herritarren artean dauden beste arnas-infekzio batzuek bezala, jarduera handiagoko eta txikiagoko uneak dituela urtean zehar. Baina «gailur» eta «haran» horiek alde batera utzita, funtsezkoa da egiaztatzea txertaketari eta gaixotasunaren larritasun txikiagoa eragiten duten aldaeren hedapenari esker COVID-19aren eragina nabarmen murriztu dela.

Hain zuzen ere, larritasun txikiagoaren eta urtaroko jardueraren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak beste arnas-birus batzuekin batera zaintzeko gomendioa egin dute; Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, joan den denboralditik, horrela ari da lanean.

Hala ere, Osasun Sailak berriro azpimarratu du garrantzitsua dela banakako prebentzio-neurriak mantentzea, hala nola partekatutako espazioak ondo aireztatzea edo maskara erabiltzea, bai COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen badira, bai arrisku-biztanleriaren aurrean.

24. asteko txostenaren datuak

Azken asteko txostenari dagokionez (24. zenbakia), ekainaren 10etik 16ra bitartekoa, erregistratu duen COVID-19 kasuen murrizketa lehen mailako arretan zein ospitalekoetan ematen da. Hala ere, eta aurretik aipatu bezala, joera aldatzen ari dela ziurtatzeko, hurrengo asteetan gaixotasunaren bilakaera ikusi arte itxaron beharko da.

Lehen Mailako Arretako sarean, AIA tasa 100.000 biztanleko 269,9 kasukoa izan da; 20. astean, berriz, 100.000 biztanleko 279,4koa izan zen. Gripe-sindromearen eta bronkiolitisaren tasak balio baxuetan egonkor mantendu dira Lehen Mailako Arretan.

Mikrobiologiako laborategira bidalitako 55 jagole laginen % 67,3 baieztatu dira; 16 SARS-CoV-2 (positibotasuna, % 1,8) detektatu dira, eta ez dago Arnas Birus Sintzitialik (ABS). 12 errinobirus eta 4parainfluenza birus ere detektatu dira.

Osakidetzako ospitale-sareko AIA larriaren tasa 10,4 kasukoa izan da 100.000 biztanleko; 20. astean, berriz, 11,7 kasu izan ziren 100.000 biztanleko.

Azken astean, Euskadiko Informazio Mikrobiologikoko Sistemak 279 SARS-CoV-2 kasu, 9 gripe-birus eta 2 ABS erregistratu ditu.