Herritarren Partaidetzako 2024ko dirulaguntzak eman dira

0

Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak 2024ko uztailaren 18an Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren diru-laguntzak ematea onartu du.

Ekarpen ekonomiko hauek gizarte mugimenduen lana sustatzeko helburua dute, gizarte sare kritiko, sortzaile, autonomo eta erreferentziala ahaldundu asmoz, elkarlana eta elkar ezagutza handitu eta gizarte kohesioa indartze aldera.

Bi eranskinetan antolatzen da Herri Partaidetza saileko deialdia: batetik 2.1 eranskinaren baitan denon intereseko gaietan herritarren parte hartzea sustatzen duten proiektuetarako dirulaguntzak daude, eta bestetik 2.2 eranskinean auzo elkarteei zuzendutakoak.

Herritarren partaidetza sustatzen duten proiektuak

Honako hauek dira dirulaguntza jaso duten 7 proiektuak:

  • Igeldoko Herri Kontseilua
  • Elkarrekin Koop. Elk. Txikia
  • Lotura Giza Garapena Koop. Elk. Txikia
  • Zehar-Euskadi Elkartea
  • Altza XXI Herri Ekimena
  • Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea
  • Elkartu (Desgaitasun Fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea)

Lurraldetasunari dagokionez, horietako 4 hiri mailan planteatzen dira; beste 3 proiektuk lurralde-ikuspegi espezifikoagoa dute, eta Igeldon, Altzan eta Egian garatuko dira, hurrenez hurren. Igeldokoak eremu horietako bizitza komunitarioan eragiteko asmoa du, Altzakoak auzoko berdeguneak aztertzea du helburu partaidetza-metodologia baten bidez eta Egiakoa ikastetxetako etorkin familiak ahalduntzea sustatzen du, auzoan era aktiboan parte har dezaten, proiektu honetan zehazki jaietan ekitaldi bat antolatuz eta burutuz.

Beste proiektu batzuk tematikoagoak dira edo gizarte sektore zehatzen partaidetzan oinarritzen dira

  • Zehar elkartearen proiektuak partaidetza sustatu nahi du erabaki publikoak hartzeko prozesuetatik kanpo gelditu ohi diren migratzaile eta errefuxiatuekin, eta Lotura kooperatibaren proiektuak, berriz, etxerik gabeko edo gizarte-bazterkeria bizi duten pertsonen errealitatean adinekoak inplikatzea du helburu.
  • Kalapieren proiektuak trafiko motordunetatik arintzeko neurri jakin batzuk aplikatzeko eremuak antzematea du helburu, parte hartze mekanismo bidez, ondoren «hirigintza taktikoko» neurriak ezartzeko proposamenak egin ahal izateko.
  • Elkartuk garatuko duen parte-hartze prozesuak desgaitasun fisikoa duten pertsonek bizitza independenterako duten eskubidearen inguruan deliberazio ildo bat garatzea bilatzen du, galdetegi eta tailerren bitartez.

Elkarteen artean 26.098,80€ banatu dira guztira: esleitutako puntu guztien banaketagatik sortutako soberakina, 856,75€, 2.2 eranskineko dirulaguntza lerrora pasatu da, dirulaguntzen 9. artikuluak aurreikusten duen moduan.

Auzo elkarteen mantenu gastuak laguntzeko diru laguntzak

Auzo elkarteei zuzendutako diru laguntzei dagokienez, 24 proiektuk jaso dute dirulaguntza.

Lurralde hauetako auzo-elkarteei eman zaie dirulaguntza: Ulia, Herrera, Txomin-enea, Martutene, Altza (Altzagaina, Larratxo, Herrera, Oleta), Intxaurrondo (2 elkarte), Bera Bera, Gros, Ibaeta, Amara, Amara Berri, Aiete, Egia, Loiola, Loiolako Erriberak, Bidebieta, Alde Zaharra, Morlans, Berio eta Añorga.

Aurkeztutako eskabide bakoitza aztertu eta eskaera guztien arteko ren baremazio teknikoaren ondoren, 5 elkartek jaso dute oinarrietan ezarrita dagoen gehieneko kopurua, 2.200 euro, eta 9 elkartek jaso dute mantentze-gastuei aurre egiteko beraien aurrekontuetan jasotako zenbatekoaren % 90 edo % 100.