Jon Barcenaren gorpuari gaur egingo diote autopsia

0

Gaur egingo diote autopsia Jon Barcenaren gorpuari. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria arrastorik lehen ikerketaren arabera, eta autopsiak argituko du heriotzaren zergatia.

Abenduaren 30etik desagertuta zegoen gaztea atzo goizean topatu zuten Urrunaga urtegian, Legution. Berrizko gaztea aurkitzeko bilaketa lanak egiten ari ziren senideek eta lagunek topatu zuten 09:00ak aldera. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko buruak jakitera eman zuenez, Jon Barcena Amezuaren senide batek baieztatu egin zien aurkitutako hilotza gaztearena zela. Hala, identifikazioa ofiziala izateko autopsia falta den arren, «datu guztien arabera Barcena» dela adierazi zuen.

«Txopera» izeneko pinudi batean aurkitu zuten gorpua, iristeko zaila den toki batean. Segurtasun Sailak zabaldutako baten arabera, bai Ertzaintza bai boluntarioak bila ibilita zeuden inguru horretan, baina ez zuten aurkitu atzo arte.

Polizia zientifikoa bertaratu, eta 14:30 aldera, gorpua eramateko baimena eman zuen epaileak. Gasteizko Medikuntza Auzitegi Institutura eraman zuten gorpua autopsia egitera.

Ikerketa irekita dauka Ertzaintzak, identifikazio ofiziala egin eta kasuaren nondik norako guztiak argitzeko.