Autoa irauli eta alkohol-tasa hirukoiztu du Iruñean gidabaimenik gabe

0

25 urteko gidari bat atxilotu dute Iruñean, San Juan auzoan, asteazkeneko goizaldean, istripu bat izan ostean. Hain zuzen, hainbat zuhaitz harrapatu ditu, autoa irauli du, eraikin baten aurka egin du talka, eta baimendutako gehienezko alkohol-tasa hirukoiztu du. Gainera, ez zuen gidabaimenik.

Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 02:45ean gertatu da, La Oliva Monasterioaren plazatxoaren eta Iratxeko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzean. Antza, gaztea ihes egiten saiatzen ari zen, arrapaladan, patruila batek gelditzeko agindua emanda; izan ere, udaltzainek ikusi dute bidegabe ari zela gidatzen.

Ihesaldian, errepidetik irten da, eta zenbait zuhaitz harrapatu eta gero, irauli da eta eraikin baten kontra jo du; lesio arinak pairatu ditu, eta, hori dela eta, Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute.

Egin dioten probak erakutsi du baimendutako alkohol-tasa hirukoizten zuela. Horrez gain, agenteek baieztatu dute gidabaimena kenduta duela, epai baten ondorioz; hortaz, eginbideei hasiera eman diote, bi delituengatik.