Jaurlaritzak AHTaren Miranda-Logroño zatia Gaztela eta Leondik igarotzea defendatu du

0

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Miranda de Ebro eta Logroño arteko ibilbideak Gaztela eta Leondik igaro beharko luke, ez Arabako Errioxatik, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Are gehiago, autonomia erkidego horri mesede egingo liokeela argudiatu du.

Atzo, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko batzordean, Eusko Jaurlaritzak Miranda de Ebro eta Logroño arteko azpiegitura horri buruz duen iritzia azaltzeko.

Espainiako Gobernuak lau ibilbide posible jarri ditu mahai gainean tarte horretarako, eta horietako bi Arabako Errioxatik pasatzen dira.

«Euskal Y»a Iruñearekin eta Castejonekin lotzea da Jaurlaritzaren lehentasuna, gero handik Mediterraneoko ardatzarekin bat egiteko, Tapiaren esanetan.

Miranda eta Logroño arteko zatia, ostera, «ez da oinarrizkoa»; beraz, «bigarren mailakoa da». Jaurlaritzaren arabera, Espainiako Ministerioak uste badu egin beharrekoa dela eskumena berea da eta berari dagokio azken erabakia. «Hala ere, lau ibilbide posible daudela aintzat hartuta eta batez ere Castejon, Logroño eta Gaztela eta Leoni mesede egingo liokeela kontuan hartuta, Gaztela eta Leondik igarotzea litzateke logikoena», nabarmendu du Tapiak.

Tapiaren hitzetan, hori esan zion Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroari urtarrilaren 9an.