Larrialdi planaren alerta fasea indarrean, Gipuzkoan uholde arriskua dela eta

0

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea jarri du bart indarrean Gipuzkoan uholdeak egon daitezkeela eta.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, Gipuzkoako zenbait tokitan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean, eta 40-50 litro, Bizkaian. Gipuzkoako gainerako tokietan metro koadroko 10-30 litro artean pila daitezke. Hala, prezipitazio iraunkorrengatik ezarritako abisu horia 18:00ak arte egongo da indarrean.

Gogotik egingo du euria, zenbait tokitan modu iraunkorrean. Arratsaldetik aurrera gutxiago egingo du, baina ez du atertuko. Azken orduotan 100 litrotik gora pilatu dira Gipuzkoa barnealdeko hainbat tokitan (Berastegin, esaterako, metro koadroko 105 litro zenbatu dituzte). Euskalmeten arabera, leku askotan 35 ordu baino gehiago daramatzate atertu gabe.

Euriteek arazoak sortu dituzte errepideetan, eta Trafiko Zuzendaritzak kontuz gidatzeko aholkatu du.