Milaka pentsiodun kalera atera dira pentsio duinak eskatzeko

0

Milaka pertsona atera dira kalera Euskal Herriko hiriburuetan pentsio duinak eta hauek KPIaren arabera eguneratzea eskatzeko.

Manifestariek pentsio duinak eskatu dituzte, hots, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak pentsioei % 0,25eko igoera aplikatu izana salatu dute.

Bilbon, hiriburuko udaletxearen aurrean elkartu dira Bizkaiko jubilatu, alargun eta pentsiodunen elkarteek deituta, eta Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean amaitu dute.

Manifestazio jendetsu honen ondorioz, protestak iraun duen bitartean zirkulazio arazoak izan dira Bilbo erdigunean. Antolatzaileen esanetan, mobilizazio «historikoa» izan da, baina protestekin jarraitu beharra dagoela ohartarazi dute: «Hau ez da gaur amaitzen». Beren pentsioak eta beren seme-alabenak defendatzera atera direla nabarmendu dute.

Protestaren amaieran, manifestu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta pentsiodunei adarra jotzen dietela salatu dute. Horien esanetan, pentsioak % 0,25 igotzea «irrigarria» da eta egoera hori 2022ra arte errepikatuko da. Bertan salatu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 170.000 pertsona baino gehiago 700 euro baino gutxiagorekin bizi dira hilean. Hori dela eta, pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea aldarrikatu dute erosahalmena ez galtzeko.