Japoniatik iritsitako 85 bonsai eta landare konfiskatu dituzte Bilboko Aireportuan

0

Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Japoniatik ekarritako 85 landare eta bonsai konfiskatu dizkiete Bilboko Aireportuan hiru bidaiariri, bi hegalditan.

Munichetik (Alemania) iritsitako hegaldi bateko bi bidaiari aduanako kontrola saihesteko ahaleginetan ari zirela susmatu zuten Aduanako agenteek.

Horien ekipajea X izpiko eskanerretik pasatuta, maletetan gai organikoak edo landareak zekartzatela ikusi zuten. Horiek miatuta, 66 landare eta bonsai konfiskatu zizkieten biei.

Lur eta guzti eta plastikozko poltsa zuri batzuetan babestuta aurkitu zituzten agenteek landareak maletetan. Gainera, isolamendu termikoarekin forratu zituzten. Landareak intsektuz beteta zeuden, eta, ondorioz, balizko izurriteak saihestu dituzte horiek atzemanda.

Egun berean, baina Paristik (Frantzia) etorri zen hegaldi batean, antzeko landareak antzeman zizkioten beste bidaiari bati.

Guztira, 19 landare eta bonsai aurkitu zizkioten maletan, plastikozko poltsetan bilduta, eta Munichetik iritsitako hegaldian atzemandako maletetan erabili zuten antzeko isolamendu termikoa zuen.

Hiru bidaiariak gipuzkoarrak dira, eta arau-hauste administratibo bati egin beharko diote aurre, Espainian debekaturik dauden edo aduana-zerga ordaindu ez duten salgaiak sartzen saiatzeagatik.