Productos Tubulares enpresako langileak greba mugagabean gaurtik aurrera

0
Argazkia: Mikel Etxebarria.

Productos Tubulares lantegiko enpresa batzordeak deituta, langileak greba mugagabean daude gaurtik aurrera, enpresaren filialak lanpostuak suntsitzeko enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu duela eta.

Enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, greba deialdia «aho batez» onartu dute batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek (CC.OO., UGT, ELA, LAB eta ESK), Enpresak lanpostuak suntsitzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu zuela jakin eta gero.

Batzordeak 13 kide aukeratu ditu negoziazio mahaian jesartzeko. Enpresak deitu beharko du orain lehen negoziazio bilera.

Juan Beloki enpresa batzordeko presidenteak (ELA) azaldu duenez, «aurrekaririk gabeko erasoa» da lan-erregulazioko espedientea aurkeztea, ez baitago «justifikatuta».

Belokiren hitzetan, enpresaren «kudeaketa txarraren ondorio» da egoera, «maileguak eskatu eta eskatu» egon delako, «etekinak eurentzat gordez».

ELAk gogorarazi duenez, BBVA da Productos Tubularesen akziodun nagusia. Sindikatuaren esanetan, aurreko urteetan «milioiak» banatu dituzte akziodunen artean. Zehatz esateko, 2014-2016 urteen artean Zuzendaritza Batzordeak eta Enpresaren Administrazio Kontseiluak «ordainsaritan milioi bat euro baino gehiago partitu zituzten».