Iturengo gizon bat atxilotu dute 19 autotan 14.000 euroko kalteak eragiteagatik

0

Nafarroako Foruzaingoak 25 urteko Iturengo gizon bat atxilotu du pasa den inauterietan 19 ibilgailutan 14.000 euroko kalteak eragitea egotzita.

Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, gertaerak otsailaren 3tik 4rako gauean jazo ziren. Guztira, 19 ibilgailu kaltetu ziren. Kaltetutako ibilgailuek karrozerian marrak edota ispiluak apurtuta zituzten.

Elizondoko polizia-etxeko foruzainek kaltetuei deklarazioa hartu zien. Horrez gain, kalteen lehen txostena egin zuten (argazkiak barne) eta delitugileak ustez egindako ibilbidea begiz behatu zuten. Guztira, 19 ibilgailutan egindako kaltearen zenbatekoa 14.000 eurokoa dela ondorioztatu dute.

Poliziaren esanetan, herritarren laguntzari esker izan da posible ustezko delitugilea identifikatu eta atxilotzea. Izan ere, lekuko batek ispilu bat apurtzen ikusi zuen atxilotua.

Kaltetu gehienak Iturengo herritarrak dira, baina badira Iruñeko, Berako, Sunbillako edo Oitzeko herritarrak ere, eta guztiek salaketa jarri dute.