89 pertsona atxilotu dituzte Nigeriako mafia’ren kontrako operazio batean

0

‘Nigeriako mafia’ren kontrako operazio garrantzitsua egin du Guardia Zibilak, Europan egin den handietakoa. 89 pertsona atxilotu, horietako batzuk Bizkaian eta Nafarroan, eta prostituitzera behartutako 39 emakume askatu dituzte.

Operazioaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur prentsaurrekoan, Javier Rogero Guardia Zibilaren UCOren Delinkuentzia Antolatutako arduraduna buru zutela.

‘Nanga-Parbat’ deitu duten operazioa Anaitasun Nigeriarrak deitutakoen kontra Europan egin den handienetakoa da. Manchesterren (Erresuma Batua) eta Espainiako Estatuko hainbat probintziatan gauzatu dute, tartean Bizkaian eta Nafarroan. Kantabrian, Madrilen, Guadalajaran, Toledon, Alacanten, Murtzian, Sevillan, Almerian eta Bartzelonan ere egin dituzte atxiloketak, guztira, 89, eta 41 miaketa.

Askatutako emakumeak, horietako asko adingabeak, budu erritoen bidez beldurtu eta mehatxatu, eta Nigeriatik Libiako kostaldera eramaten zituzten, eta handik, Lampedusako etorkinen kanpamentuetara (Italia). Ondoren, Europako herrialde ezberdinetara lekualdatzen zituzten, tartean Espainiara.

Prostituitzera behartzen zituzten gaizkile sareari zorretan utzitako 30.000 euroak ordaintzeko. Almerian atzemandako emakumeak oso baldintza txarretan zituzten, etxe gisa atondutako kobazuloetan.