Hernanin bi gazte harrapatu zituen gidaria ertzain-etxean aurkeztu da

0

Hernanin atzo goizaldean izandako harrapaketan nahastutako gidaria gaur goizaldean Oiartzungo ertzain-etxean aurkeztu da eta deklarazioa eman du.

Atzo 01:30 inguruan gertatu zen harrapaketa, Oialume auzoko biribilgunean, GI-2132 errepidean. Auto gidariak bi gazte harrapatu zituen, eta ondoren ihes egin zuen. Hori dela eta, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu zuen gidaria identifikatu ahal izateko.

21 urteko bi gazteak Donostia Ospitalera eraman zituzten, zaurituta; batak aurpegian zauriak zituen, eta besteak, kolpe ugari gorputz osoan. Hala ere, beraien egoera ez da larria.

Auto gidaria bere kabuz agertu da bart Oiartzungo ertzain-etxera, eta deklarazioa eman du.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, argiketa txostena dagokion epaitegiaren esku geldituko da. Bestalde, Ertzaintzak bertan behera utzi du gertaera argitzeko lekukoei egindako laguntza eskaria.