Autoarekin Ebro ibaira eroritako gizonaren bilaketa lanak berrabiarazi dituzte Lodosan

0

Atzo arratsaldean autoarekin Ebro ibaira erori zen gizonaren bilaketa lanak berrabiarazi ditu Nafarroako Suhiltzaileen Uretako Erreskate Taldeak, Lodosa eta Sartaguda artean.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, bilaketa 23:00ak arte luzatu zituzten, baina ondoren eten egin behar izan zituzten, argi faltagatik.

20:13ean izan zuen SOS Nafarroa zerbitzuak gertaeraren berri. Autoan zihoazen bietako batek eman zuen abisua, bere kabuz uretatik irten ondoren. Alabaina, berarekin zihoan beste gizonak -biak Lodosako bizilagunak dira- ez zuen lortu.

Abisua eman zuen gizonak ez zuen zauririk izan, halere, Lodosako Osasun etxera eraman zuten. Azaldu zuenez, ibaiaren ondoan dagoen errepide batean zeudela autoa uretara erori zen, NA-123 errepideko 3. km-aren parean, hain zuzen, bihurgune handi bat dagoen lekuan.

Ibaiaren emari handia eta argi faltak ezinezko egin zuten desagertua topatzea eta, horrezkero, 23:00etan, bilaketa eten zuen, gaurko 08:00etan berrabiarazteko.

112 zerbitzuak Lodosako suhiltzaileak eta  Nafarroako Suhiltzaileen Uretako Erreskate Taldea bidali zituen atzo bertara, baita Foruzaingoa eta Udaltzaingoa ere.

Gainera, Maria Jose Beaumont Presidentetza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia kontseilariak Lodosako alkatearekin hitz egin zuen, eta horrek gertatutakoaz informatu du.