Gesaltza Añana NBEko Nazioarteko Nekazaritza Ondare zerrendara batu da

0

Nazioarteko Nekazaritza Ondarearen saria eskuratu dute Gesaltza Añanako ordezkariek, Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuetako Erakundeak (FAO) Erroman duen egoitzan. Horrela, ondare diren 50 lekuen zerrendara batu da.

FAOk Erroman duen egoitzan banatu dira sariak, eta, orotara, 14 lekuri aitortu diete izendapen hau; besteak beste, Andaluziako Axarkia eskualdeko mahaspasei, agrosilvopastoril sistemari (Barroso, Portugal) eta Mexiko Hiriko irla artifizialen “chinampas” sistemari.

Jaime Haddad Estatu espainiarreko Nekazaritza idazkariordearen arabera, Gesaltza Añanak gatza ateratzeko duen era “garbiagatik” lortu du aitorpena.

FAOko zuzendari laguntzaileak, Maria Helena Semedok, azpimarratu du Añana haranak duen nekazaritza sistema ondarearen bitartez, “gizadiaren eta naturaren arteko harmonia sakona” erakusten dela. Gainera, leku mota horiek elikagai bermea, jakinduria eta ekoizle txikiei bizirauteko baliabideak ematen dituztela adierazi du Semedok.

Harkaitz Millan Basquetour euskal turismoaren agentziako zuzendariak esan duenez, Nazioarteko Nekazaritza Ondarearen aitorpena “berri bikaina da hain berezia den leku batentzat”. Era berean, komentatu du Gesaltza Añana eta Bizkaiko Zubi Esekiak “primerako ondasunak” direla Euskadiko turismo industriala sustatzeko, eta espero du sariak bultzada ematea Arabako ondareari.

Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren arabera, saria “onuragarria eta harro egoteko arrazoia” da, eta lekuak aitorpena merezi du “bere historia, paisaia, arkitektura eta gatza lortzeko erabili dituzten sistema naturalak eta tradizionalak bizirik mantentzeagatik”.