Urtebeteko kartzela zigorra onartu dute Indar Gorriren 11 kideek

0

Osasuna futbol taldearen Indar Gorri jarraitzaile taldeko 11 kideek Fiskaltzarekin akordioa lortu dute, eta bertan behera geratu da Iruñean gaur hastekoa zen epaiketa. Itundukoaren arabera,gaizkile talde bateko kide izateagatik urtebeteko espetxe zigorra onartu dute denek. Ez dira, beraz, kartzelan sartuko.

Horrez gain, lesioak eragiteko konspirazio delituagatik, 960 eta 1.920 euro bitarteko isunak onartu dituzte.

Gaizkile taldeko kide izatea egotzita bina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. Azkenean, akordioari esker, erdia bete beharko dute 11 jarraitzaileek.

Fiskalaren arabera, akusatuek «aurkari batzuen jarraitzaile taldeekin indarkeriazko ekintzak egitea adostu zuten».

Hori aintzat hartuta, Iruñeko Zigor arloko laugarren Epaitegiak egindako ikerketa hainbat hiritako epaitegietara bidali ditu, bertako futbol taldeko jarraitzaile taldeek antzeko delituak egin ote dituzten zehazteko. Hala, Donostian eta Gasteizen eman dute autoaren berri, baita Estatuko beste hiri batzuetan ere (Elx, Logroño, Sevilla, Soria, Bartzelona, Oviedo eta Santander).

Ikerketa bigarren instrukzio Epaitegiak egin zuen. 2017ko apirilean emandako autoan 21 pertsona auzipetzeko zantzuak zeudela ebatzi zuen. Ekainean, Ministerio Fiskalak akusazio idatzia aurkeztu zuen 11 kiderentzat; beste 10 pertsonaren aurkako prozedurak artxibatu egin zituzten.