Haur-pornografiaren aurkako operazio batean pertsona bat atxilotu dute Bizkaian

0

Polizia Nazionaleko agenteek pertsona bat atxilotu dute Bizkaian, haur-pornografiaren aurkako operazio batean, txaten bidez horren moduko materiala partekatzeagatik. Estatu espainiarrean, guztira, 17 pertsona atxilotu eta zazpi salatu ditu Poliziak.

Espainiako Barne Ministerioak ohar baten bidez zabaldu duenez, atxilotuak txat anonimo, zifratu eta erabilera bakarrekoak (automatikoki ezabatzen dira txatak) erabiltzen zituztenadingabeen aurkako gehiegikerien irudiak elkarri bidaltzeko. Gainera, atzeman duten materialaren artean, muturreko sexu-harremanen bestelako irudiak ere topatu dituzte, esaterako, sexu basatia eta zoofiliarenak.

Ikerketak ia bi urte iraun ditu, 2016an lehen atxiloketa izan zenetik. Hainbat herrialdetako poliziek interneten hornitzaileekin izaten dituzten hartu emanei esker lortu dute informazioa jaso eta ikerketa abiaraztea, oharraren arabera.

Aipatutako harremanen bidez, txat anonimo, zifratu eta erabilera bakarreko aplikazioen gaineko informazio handia jaso ohi da. Txat horien bidez, taldeak sor daitezke, sartzeko gonbidapena behar da, eta taldeko kideak irteten direnean automatikoki desagerrarazten da, bai taldea, baita partekatutako edukia ere.

Hala, horren moduko informazioa partekatu zuten 24 pertsona identifikatu ditu Poliziak ikerketan. Egileen kokapena zehaztu ostean, atxiloketak eta miaketak egiteko koordinazioa egin dute.

Barne Ministerioaren hitzetan, atxilotu nagusia Sevillakoa da, berak bidali baitu artxibo kopuru handiena. Antza, hortik partekatzen zituen irudiak probintzia bereko beste gizonezko batekin, eta hori ere atxilotu dute.

Deigarria da Alacanteko gizon baten kasua; ehunka argazki eta bideo gordetzen zituen eta, horietan, haur-pornografia eta adingabeei egindako gehiegikeriak ikus zitezkeen. Adingabe batzuk bereziki gazteak ziren, edo egindako abusua bereziki gogorra zen. Horren moduko irudiak atzeman dizkiote Jaenen atxilotutako gizonari ere: 40 urteko espainiarrak ia 20.000 artxibo zituen. Bestalde, Katalunian hiru pertsona identifikatu dizute, horiek guztiek artxibo kopurua handia zuten.

Caceresen, agenteek 40 urteko beste pertsona bat atxilotu dute. Miaketan, adingabeen gehiegikerien 8.500 argazki baino gehiago zituen gordeta USB memoria batean, oharrak zehazten duenez. Gainera, Vigon atxilotutako gizon batek, haur-pornografia izateaz gain, drogarekin trafikatzen zuen. Bere etxean, ia kilo erdi marihuana aurkitu dute.

Esan bezala, 17 dira operazioan atxilotuak, ondorengo  lekuetan: Zamora (1), Caceres (2), Pontevedra (2), Bartzelona (3), Bizkaia (1), Sevilla (2), Jaen (1), Lugo (1), Alacant (1), Madril (1), Errioxaa (1) eta Palma (1).

Atxilotuetako batzuek ‘Deep Web’a edo ‘Internet sakona’ erabiltzen zuten, hori dela eta, adituek buru eta belarri jardun behar izan dute, ustezko delitugileak identifikatu eta atxilotzeko.