Sindikatuek Lanbideko antolakuntza eredu berria geldiaraztea eskatu dute

0

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan ezartzen ari diren antolakuntza eredu berria geldiaraztea eta arreta eredu berriari buruzko negoziazioak «hutsetik hastea» eskatu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Lau sindikatu horietako ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean, Lanbideko arreta eredu berria baztertzeko.

Legebiltzarreko agerraldiak irauten zuen bitartean, lau sindikatuetako delegatuak Eusko Legebiltzarraren atarian elkartu dira «Bai negoziazioari, ez ezarpenari» lelopean.

Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean egin duten agerraldian, «inposatu nahi den» eredu berria geldiaraztea eta arreta eredu berria «hutsetik» negoziatzen hastea eskatu dute. Azaldu dutenez, arreta eredu berriak Lanbideren jatorria aintzat hartu beharko luke, besteak beste, enplegu politika aktiboak EAEra transferitu zirenean esleitu zitzaizkion funtzioei eutsiz.

Sindikatuen esanetan, zuzendaritza «proba pilotu bat» ezartzen hasi zen 2017ko azken hilabeteetan Lanbideko bulego batzuetan. Salatu dutenez, ez dute balizko arreta ereduaren inguruko informaziorik jaso, ez dituzte langileen eskubideak errespetatu eta ez da negoziaziorik egon alderdi sozialarekin.

Halaber, eredu berri honen atzean Lanbideren «berrantolaketa» bat dagoela salatu dute, langileen «balio-aniztasuna» eta «eraginkortasuna denboran» neurtzea proposatuta. «Gure ikuspegitik, langile guztiek denetik egiten jakitea bideraezina da gutxieneko kalitatea izan behar duen zerbitzu batean», nabarmendu dute.

Aldaketa horiek guztiak herritarren kalterako izango direla uste dute.