Frankismoko eta Trantsizioko zentsura hizpide Donostian

0

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek literaturgileen gaineko zentsura ikertzeko proiektu bat abiatu du, akademikoek ez baitiote gai honi toki handirik eskaini orain arte, euren aburuz, eta horri buruzko batzar bat antolatu dute ekain amaierarako.

‘Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak’ topaketa ekainaren 21 eta 22an egingo dute, Miramar jauregian, Donostian, EHUren Udako Ikastaroen barruan.

Besteak beste, zentsura jasan zuten hiru idazle aipagarriz arduratuko dira parte-hartzaileak, Max Aubez, Alfonso Sastrez eta Federico Garcia Lorcas, eta frankismoan eta Trantsizioan debekatu zituzten euskal idazleak ere hartuko dituzte hizpide.

Bigarren egunaren hasieran, ekainak 22, Joan Mari Torrealdai omenduko dute, euskal liburugintzari buruz egin dituen azterketa soziologikoak aitortzeko eta, batez ere, zentsura frankistari buruzko bere ikerketa lanak azpimarratzeko.

Topaketaren helburua da azaleratzea “erakundeen zentsurak frankismoan zein Trantsizioan euskal kulturan izan zuen eragina”, Ismael Manterola Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeko adituak azaldu duenez.

“Azken urteotan izandako kasuak ere hartuko ditugu hizpide, parte-hartzaileek beren buruari galde diezaioten zentsura zer den eta erakundeen zentsura, zentsura estrukturala edo autozentsura egon ote den lantzean behin entzuten ditugun kasuetan”, esan du Manterolak.