Etorkinak hartzeko ‘premiazko aterpe bat’ prestatu du Donostian

0

Saharaz hegoaldeko 46 etorkin heldu dira astelehenean Donostiako autobus geltokira. Pertsona horiek hartzeko “premiazko aterpe bat” prestatu du Gipuzkoako Gurutze Gorriak.

Etorkinak artatzeko koordinazio mahai bat osatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Gurutze Gorriak. 45 etorkin Malikoak dira, eta Gineakoa da azkena.

Etorkinak 08:30ean heldu dira Donostiako geltokira. Autobusetik jaitsi dira eta ibilgailuak alde egin du, baina Gipuzkoako erakundeek ez dute inolako abisurik jaso.

16 eta 36 urte bitarteko gizonezkoak dira guztiak, tartean bi adingabe. Lau bat ordu eman dituzte geltokian, horren berri jasotakoan Donostiako Udaltzaingoa lehenengo eta Gurutze Gorria ondoren horiek artatzera bertaratu diren arte.

Etorkinak artatzeko premiazko baliabideak abiatu dituzte hiru erakundeek. “Taldean hartu” dituzte eta “pertsona bakoitzaren egoera identifikatzeko aurreneko balorazio indibiduala egin zaie”, Aldundiak, Udalak eta Gurutze Gorriak agiri baten bidez jakitera eman dutenez.

Maite Peña Gizarte Gaietarako diputatuak ziurtatu duenez, etorkinak “bat-batean eta inolako abisurik gabe” heldu dira; izan ere, inork ez du bidaiaren berri eman.

Elena Luquin Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Gizarte arloko zuzendariak azaldu duenez, pertsona horiek artatzeko 40 bat teknikari eta boluntario bidali dituzte, osasun-langileak, gizarte-hezitzaileak, abokatuak, psikologoak eta itzultzaileak tartean.

Etorkinak “bidaia luzeagatik nekatuta daude, baina orokorrean ez dute osasun arazo larririk”, erantsi du.