Zibersegurtasun Zentroak .EUS domeinuak zibermehatxuetatik babestuko ditu

0

SPRI Taldean integratuta dagoen Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak (BCSC) eta PuntuEUS Fundazioak elkarrekin egingo dute lan, nabigazioa eta .EUS domeinuak mehatxuetatik babesteko. Zehatz-mehatz esanda, bi antolakundeek elkarri lagunduko diote .EUS domeinuetan eragina duten zibersegurtasun-gertakariak kudeatzen eta domeinu horiek babesten. Lankidetza hori finkatzeko, akordio bat sinatu dute, Euskadin gehienbat eragiten duten zibermehatxuak elkarrekin identifikatzeko.

PuntuEUS Fundazioak ohar bidez jakinarazi duenez, akordio honi esker alde batera utziko ditu merkatuko konponbide estandarrak, oraintsura arte .EUS domeinuen komunitatea zaintzen zutenak: «Tresna propio bat garatuko dugu BSCSrekin, merkatuko tresnekin lortu ezin den segurtasun maila lortzeko». PuntuEUS Fundazioaren esanetan, «ekimen aitzindaria da, eta horri esker, .EUS munduko domeinu seguruenetakoa izango da».

Iaz 7.000 .EUS domeinutik gora erregistratu ziren, eta BCSCrekin itxitako lankidetza-akordioak erantzuna ematen dio, Fundazioaren arabera, hazten jarraitzeko premiari.

Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak maiatzaren hasieran Bilbon egin zen NextSecure ekitaldian azpimarratu zuenez, era guztietako erakundeen arteko lankidetza behar da zibersegurtasun arloko mehatxuei aurre egiteko.