Bilboko Euskalduna zubia itxita, egitura mugitu delako

0

Bilboko Euskalduna zubia itxi behar izan dute, egituran irristatze bat gertatu ondoren, Radio Euskadik aurreratu duenez. Zubia ibilgailuentzako itxita dago, oinezkoentzako bakarrik 09:15 aldera zabaldu ondoren.

Konkretuki, zubia oinezkoentzako zabalik dago, baina Deustuko kiroldegiaren parean dauden espaloietatik soilik, Udalak zehaztu duenez. Horrela, egitura mugitu den tokitik oinezkoak pasatzea saihestu nahi dute arduradunek.

Gertakaria 05:00ak aldera jazo da. Botikazar Ibarreko bizilagunak danbatekoarekin esnatu dira, zubia hautsi den unean, eta Ertzaintzari abisua eman diote.

Zubiko egituraren haustura begi-bistakoa da zubiaren estalkian. Hormigoizko plaka bat apurtu egin da. Gutxi gorabehera metro erdiko haustura bat da.

Irristatzea Botikazar Ibarreko zonan gertatu da, zubiaren behealdean. Udaleko teknikariak, suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira.