Giza eskubidak Donostiako autobusetan

0

Uztail-abuztuetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko artikulu banarekin “jantziko” dira Dbuseko 30 autobus. Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak onartu zituen, 1948an.

Diseinatzaile profesionalek kartel bidez eginiko artelanez ilustratuta egongo dira 30 artikuluok —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—. EHUk bultzatzen duen Giza eskubideei begira erakusketa kolektiboa eratzen dute kartelek.

Giza Eskubideen Bulegoak antolatu du ekimena, eta helburu du dokumentu horretan jasotako balio eta eskubideak aditzera ematea, aipatu agiri hori mugarritzat baitute Giza Eskubideen historian, aurreneko aldiz, mundu osoan eta pertsona guztientzat babestu beharreko oinarrizko eskubideak ezarri zituelako.

Kanpainaren aurkezpenean Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, garrantzitsua da herritarrak jakitun jarri eta sentikor bihurtzea gizakiok ditugun askatasun eta eskubideez, ez dela inor berezi behar “arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”, aldarrikapenak berak jaso bezala.