Eusko Jaurlaritzak Liburubila bilatzailea jarri du martxan, milaka liburu digital, pelikula, disko eta bestelako artxiboak doan eskuratzeko edota bilatzen ari zaren liburua zein liburutegi publikotan dagoen jakiteko.
Liburubila gaur aurkeztu dute Bilbon Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondareko zuzendariak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegi publikoen sarera konektatuta dagoen «leihoa» dela eta erabiltzaileek milaka liburu, disko, pelikula eta bestelako produktuak «modu erraz eta azkar batean» bilatzea ahalbidetuko duela azpimarratu dute.
Ordengailua, tableta edo sakelako telefonoa baliatuta, erabiltzaileak berehala kontsultatu ahalko du Euskal Autonomia Erkidegoko 500 liburutegi publikoetako zeinetan dagoen bilatzen ari den liburua, pelikula edo diskoa eta hura eskuratzeko eskaera egin.
Liburubilak hainbat produkturen informazioa biltzen du: 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo (pelikulak, gehienak), 70.671 audio (diskoak, gehienak), 11.000 dokumentu digital, 4.500 irudi eta 8.646 artxibo.