Sexu erasoak salatzeko aplikazioa Bilboko Aste Nagusian

0

Iruñeko Udalak sanferminetan egin zuen bezala, Bilboko Udalak Aste Nagusian sexu erasoak berehala salatzeko aplikazioa jarriko du emakumeen esku: EraStop.

App hori eskuragarri dago jada Android eta iOS sistemetarako. Sistemak erabiltzailea geolokalizatzen du, eta horrek erasoa salatu nahi badu, botoi bat sakatuta, deirik egin gabe, Bilboko Udaltzaingoa ohartarazi ahalko du. Gertuen dauden agenteak bertaratuko dira, hari laguntzera.

‘Erasoa jasaten ari naiz’ botoiaz gain, beste bi ditu aplikazioak: ‘Erasoa salatu’ eta ‘Lagundu nazazu modua’. Lehengo horren bidez, edozein eraso matxista salatu ahalko dute horren lekuko izan direnek; kasu horretan ere, Udaltzaingoarekin harreman zuzena izango dute salatzaileek. Beste aukerak (‘Lagundu nazazu modua’) telefonoaren agendan daudenen artean pertsona bat edo batzuk aukeratzeko modua ematen du, etxerainoko bidean «birtualki laguntzeko».

Geolokalizazioaren bitartez, emakumea dagoen tokian kokatzen du eta, horrela, etxera ondo heldu den egiaztatu ahalko du bere «laguntzaileak». Gorabeherarik atzemanez gero, laguntzailea edo emakumea bera Udaltzaingoarekin harremanetan jarri ahalko da.

Indarkeria matxistaren biktimek eta Bilboko emakumeen elkarteek probatu dute aplikazioa azken hilabeteotan.