Bizkaiko pentsiondunek ‘manifestazio erraldoia’ egingo dute Bilbon astelehenean

0
PRUEBA

Pentsio duinen alde abuztuaren 20rako Bilbon deituriko manifestazioan parte hartzeko deia egin dio ostegun honetan Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak gizarte osoari. Izan ere, adin guztietako herritarrak elkartu nahi dituzte Bizkaiko hiriburuan, «manifestazio erraldoia» egiteko eta belaunaldi guztiek pentsiodunei babesa adierazteko helburuarekin.

Bizkaiko pentsiodunen elkarte guztiak biltzen dituen kolektibo horretako bozeramaileek jakitera eman dutenez, Bilboko Aste Nagusian egingo duten manifestazioa Moyua plazatik abiatuko da eta Bilboko udaletxearen atarian amaituko da. Hala, jendarte osoaren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin, Bilboko konpartsek pentsiodunen aldarrikapenei babesa emango diete eta batukada festa antolatu dute.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduk azaldu duenez, Errioxako edota Asturiaseko pentsiodunen elkarteak ere etorriko dira Bilbora, jai-giroan egingo duten manifestazioarekin bat egitera.

«Atzerapauso bat bera ere» emango ez dutela ziurtatu ondoren, urriaren 1ean beste manifestazio bat egingo dutela aurreratu dute, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta. Egun horretan, oraindik zehazteko dagoen jarduera berezi bat egingo dutela iragarri dute.

Hala, asteleheneko manifestaziora betiko aldarrikapenak eramango dituztela aurreratu dute, eta pentsio duinak eta publikoak bermatuko dituen sistema publikoaren alde tinko eutsiko diotela esan dute. «Pentsiodunak aurrera» oihuen artean, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatu dute eta soldatak KPIren arabera igotzea. Halaber,  pentsioak osatzeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde (BGAE) bat sortzearen aurka agertu dira.