Gizarte Segurantza eta espetxe-politika transferitzeko lantaldea eskatu du Erkorekak

0
PRUEBA

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio «atzerapenik gabe» lantalde bat sortzeko Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzekoEspetxe-politikako eskumena ere transferitzeko arrazoirik ez dagoela gaineratu du, eta, horren arabera, Jaurlaritzak ez du onartuko transferentzia horiek «gauzatzeko erresistentzia apetatsua eta arbitrarioa» egotea, lehentasunezkoak baitira Iñigo Urkulluren exekutiboarentzat.

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, bi administrazioen artean «garatuago» dauden transferentzien inguruko elkarrizketak hasi diren arren —irailean trenbideen eta autobideen eskualdatzea jorratuko da batzorde mistoan—, PSOEren Gobernuak «badaki espetxe-politikarena eta Gizarte Segurantzarena lehentasunezko gaiak direla».

Horrela dago jasota EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu itunean. Eusko Jaurlaritzak «mahaiaren gainean jarri du dagoeneko», baina ez du «aldeko edo kontrako erantzun sendorik jaso, momentuz».

«Espero dugu Espainiako Gobernuak transferentzia hauek lehentasunezko arreta behar dutela pentsatzea, atzerapenik gabe jorratu behar dira, ez dagoelako momentu honetan mahai batean eseri gaitezen eta transferentzia hau gauzatzearen zailtasunak konpontzen has gaitezen saihestuko duten oztopo politiko edo juridikorik», esan du.

Horren harian, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa transferitzeko «erreparoren bat egotea» ulertzen duela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak, «zailtasun tekniko» gehiago izan ditzakeelako, baina «ez espetxe-politikan», Gernikako Estatutuan «argi eta garbi» jasota dagoelako eta dagoeneko Kataluniak transferituta duelako. «Beraz, ez dago momentu honetan transferentzia hori zaildu edo oztopatuko duenik», azaldu du.

Josu Erkorekak nabarmendu duenez, eskumen hori transferitzeko «erresistentziaren bat egotea justifikatu ahalko lukeen arrazoi politikoa desagertu da», ETA dagoeneko ez baitago. «Espero dut transferentzia hori legegintzaldi honetan posible izatea, euskal gizarteak ez lukeelako ulertuko ez egitea, Konstituzioan eta Estatutuan hain argi egonda», adierazi du. Gainera, «Euskadiko bizitza politikoa normalizatzeko» ere «positiboa» izango litzateke, erantsi du.

«Espetxe-politikaren gaian zailtasunak badaude, onura politikoaren edo egokitasun alderdikoiaren arrazoien ondorioz izango dira; ezin dut hori demokrata bezala ulertu. Ezin dut ulertu Espainiako Gobernuak lege demokratiko bat ez betetzea onura politikoagatik edo egokitasunagatik», salatu du. Horren ustez, ezin da «legea ondo etortzen zaizunaren arabera bete, hau kaosa bilakatuko litzatekeelako».