Bilboko Konpartsek zortzira igo dute Aste Nagusiko eraso sexisten kopurua

0

Bilboko Konpartsek gaur esan dutenez, «gutxienez» zortzi eraso sexista izan dira Aste Nagusian, baina benetako kopurua «askoz altuagoa» izan dela uste dute, «emakume askok ez dutelako salatzen Poliziaren aurrean, eta ez diotelako inori horren berri ematen». Gainera, Udalak, «segurtasunaren izenean eta jaian laguntzeko asmorik gabe», jai eremua «militarizatu» egin duela salatu dute.

Iñigo Fernandez de Martikorena Bilboko Konpartsen bozeramailearen hitzetan, sexu-askatasunaren aurkako delituengatik jasotako lau salaketez gain, «gutxienez beste lau izan dira orain arte». «Baina horrek ez du esan nahi gertatu diren bakarrak direnik, beste kasu batzuk ez baitira iristen ez Poliziara, ez familiara, ez konpartsetara; beraz, askoz gehiago direla pentsatu behar dugu», gaineratu du Aste Nagusiaren balantzea egiteko deitu duten prentsaurrekoan.

Bilboko Konpartsek azaldu dute euren protokoloaren lehenengo pausoa biktimarekin eta erasoaren lekukoekin harremanetan jartzea dela.