Atzo, asteartea, bi langile hil ziren Gasteizen: igandean Michelin lantegian istripua izan eta geroztik koma egoeran zegoen 43 urteko gizona, eta Correoseko behargina (39 urteko emakumea) banaketa egiteko erabiltzen ari zen motorrak furgoneta baten aurka talka egin ostean. Azken bi istripu horiekin 41 dira Euskal Herrian urtea hasi denetik lan istripuan hildakoak, LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera.
Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, azken bi urteetan, Gasteizen, Michelin multinazionalak duen lantokian gertatzen den laugarren heriotza da. Ildo horretan, prebentzio zein lan osasunean gabeziak eta enpresa barneko protokolo denek huts egin dutela salatu du.
Igandean Gasteizko Michelin lantegian makina batek harrapatuta larri zauritutako langilea astearte goizean hil zen ospitalean. Beharginak 43 urte zituen, eta plataforma igogailu eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen. Istripua 09:30ean gertatu zen. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, 43 urteko gizona irten ezinik geratu zen, makinaren eta hesi baten artean.
Azken heriotzaren ondotik, Gasteizko Michelin lantokiko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du ostegun goizaldeko seietatik ostiral goizaldeko seietara. Halaber, bilkura egingo dute lantokiaren sarreran 13:00etatik 15:00etara, lan-istripuz hil den langilea gogoratu eta gertatutakoa salatzeko.
Gasteizen astearte eguerdian izandako istripuan, ostera, Correoseko langile bat (39 urteko emakumea) hil zen, banaketa egiteko erabiltzen ari zen motorrak furgoneta baten aurka talka egin ostean. Ezbeharra 12:21ean gertatu zen, Zuazobidea eta Zorrolleta kaleen arteko bidegurutzean, Jundizko industrialdean. Emakumea, istripua gertatu denean, bertan ari zen banaketa egiten. Aldi baterako langilea zen.