Eder Olivencia, Bilbao Open Rubik nazioarteko lehiaketaren irabazlea

0

Batez beste, 10,3 segundo behar izan ditu Eder Olivencia bizkaitarrak Rubik kuboa osatzeko eta, horri esker, Bilbao Open Rubik nazioarteko estreinako lehiaketa irabazteko.

«Batzuetan, esnatzen naizenetik gauerdira arte egoten naiz Rubik kuboarekin entrenatzen», adierazi du hemeretzi urteko mutikoak. Duela zortzi urte hasi zen Rubik kuboak osatzen, eta sei urte daramatza lehiatzen.

«3×3» kategorian izan da garaile Eder Olivencia, Rubik kuboaren lehiaketako kategoria garrantzitsuenean, baina «4×4», «5×5» eta «7×7» kategorietan ere nagusitu da Arrigorriagako gaztea. Tarteka, itsu-itsuan edo esku bakarrarekin osatu dituzte kuboak.

Datorren astean, diseinu eta 3D ikasketak hasiko ditu Bilbao Open Rubik lehiaketaren irabazleak. «Buru-lana eskatzen duen kirola da Rubik kuboarena, baina, batez ere, edonork praktikatu dezakeen zaletasun bat da. Interneten bideo tutorial bat ikusita, astebetean erraz ikasten da kuboak osatzen, eta, behin hori eginda, praktika kontua baino ez da», jakinarazi du.