Trafiko aldaketak Getxon, Vueltako 17. etapa dela eta

0

Getxoko Udaltzaingoa eta Ertzaintza, elkarlanean, segurtasunaz eta trafikoaz arduratuko dira gaur Getxon, Espainiako Vuelta bertatik irtengo delako.

13:00etan abiatuko da tropela kirol portutik, irteera neutralizatuan. Arriluze kaia, Areetako moilako pasealekua, Txurruka eta Tomas Olabarri moilak, Maximo Agirre eta Eduardo Coste kaleak zeharkatuko dituzte, eta Bilborantz abiatuko dira. Hala, itsasadarraren ondoko errepidetik iritsiko dira Bilbora, eta bertan egingo dute etaparen irteera ofiziala.

Trafiko-aldaketak

Vuelta dela eta, 08:00etatik 14:00ak arte, gutxi gorabehera, sarrera mugatua egongo da Getxoko kirol portuan, eta aurretik baimendutako ibilgailuek soilik izango dute bertan sartzeko aukera.

Tomas Olabarri kalean, 12:00ak eta 13:30 bitartean, Bizkaia Zubiaren sarbidea moztuko dute. Hartara, Portugaletetik Getxo aldera doazen ibilgailuek ezingo dute zubi esekia igaro 12:30 eta 13:30 bitartean.

Gainera, 12:45 eta 13:30 bitartean, zirkulazioa etengo dute bertan, eta Evaristo Churruca kalean (2-8 zenbakietan) eta Tomas Olabarri kaian (1-15 zenbakietan) itxita egongo da garajeetarako sarbidea.

Gainera, aldi baterako trafiko-mozketak egongo dira zenbait lekutan.

Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak lasterketa igaroko den lekuetatik ibilgailuekin ez ibiltzeko eskatu diete herritarrei.