BBVA dorreak ekintzailetza zentroa eta Aldundiaren zerbitzuak hartuko ditu

0

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak astelehen honetan iragarri duenez, Bilboko BBVA dorrea Bizkaia dorrea izatera pasatuko da. Eraikin horretan Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroa kokatuko da eta Foru Aldundiaren zerbitzu batzuk ere bertan egongo dira.

Gernikako batzar etxean egiten ari diren Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran jakinarazi ditu aldaketak ahaldun nagusiak.

Bere asmoak aurkezteko egin duen hitzaldian azaldu duenez, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa Bizkaia dorrearen «bihotzean» egongo da. Urtarrilean egingo dute zentroa dinamizatzeko ardura izango duen nazioarteko agente bat kontratatzeko deialdia. Halaber, eraikinean libre gelditzen den gainerako zatian aldundiaren zerbitzuak kokatuko dira.

Halaber, Unai Rementeriak Nagusi Intelligence Center sortuko dela iragarri du.

Rementeriaren esanetan, etorkizunari begira, beharrezkoa da langile bizkaitar guztiek erretiratu ostean jasoko dituzten pentsio publikoen osagarri bat edukitzea. Horregatik, enpresaburuak, langileak eta sindikatuak deitu ditu gaur egun Gipuzkoan eta Alemanian, Danimarkan, Erresuma Batuan edo Herbehereetan abian dauden BGAE baten antzekoa sortzeko akordiora irits daitezen.

Azpiegiturei dagokienez, Supersur saihesbidearen bigarren zatiko lanak urtarrilean hasiko direla iragarri du. Horrez gain, egun gutxi barru hasiko dira itsasadarren gainean plataforma bat jartzen, gerora, bi aldeak lotuko dituen tunela eraikitzen hasteko.