Bilboko airearen kalitateak «kezkatzen du gehien»

0

Eusko Jaurlaritzako Aire Kalitate Zerbitzuaren txostena aurkeztu du goizean Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak. Euskadik 2017an aire kalitatearen bilakaera positiboa mantendu zuela baieztatu du txostenak, baina Bilbok “gehien kezkatzen” duen hiria da, trafikoak eragindako kutsaduragatik.

Airearen kalitatea neurtzeko kutsatzaileen balio guztiak araudiak ezarritako mugen azpitik mantendu dira: sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), nitrogeno dioxidoa (NO2), ozonoa eta bentzenoa; eta PM10 eta PM2.5 partikula esekiak.

Euskadin arnasten den airearen kalitatea oro har “ona” dela azaldu du sailburuordeak. Bi adierazlek soilik gainditu dute noizbait muga, baina “ez da kezkagarria”: sufre dioxidoak Muskizeko (Bizkaia) San Julian estazioan, Petronorren ezbehar batek eraginda, baina “handik gutxira” konpondu zuten; eta bestea, nitrogeno dioxidoa, ibilgailuen trafikoarekin lotuta.

Nitrogeno dioxidoari dagokionez, Aire Kalitatearen Kontrol Sareko 53 estazioetatik bakarrak gainditu zuen urteko muga, Bilboko Maria Diaz de Haro kalekoak, hain zuzen ere. Hiriko trafikoaren ondorio da. Ingurumen Sailak eta Bilboko Udalak aire kalitatea hobetzeko egitasmo bat egin dute, trafikoaren isuriak murrizteko helburuarekin.

“Mugikortasunean lan” egin behar dutela onartu du Morenok, baina arazo “bereziki” kezkagarria ez dela erantsi du. Sailburuordearen hitzetan, Osasun Sailak bizilagunekin neurririk ez hartzeko erabakia hartu du, “kezkatzekoa ez delako”.

PM10 eta PM2.5 partikulen mailak aire kalitatearen araudiak ezartzen dituen mugen barruan kokatu dira. Partikulok trafikoan dute jatorri nagusia, eta batez ere industrialdeetan neurtzen dituzte.

Ozonoak osasuna arriskuan jartzeko balio objektiboa ez du sekula gainditu, baina zazpi aldiz gainetik izan da 2017an, Urkiola, Jaizkibel, Serantes, Pagoeta eta Mundakako estazioetan. Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloei jarraituz, biztanleria jakinaren gainean jarri zuten. Estazio horiek altitude handiagoan daude; balio handiagoak antzematea errazten du horrek.

Landa-guneetan eta kostaldean balio baxuagoak dituzte, trafiko gutxiago dagoelako eta itsasoaren eraginez, hurrenez hurren.