Elkarretaratze isila Bilbon, Maguette Mbeugouren hilketa gaitzesteko

0

tzo Bilbon ustez emaztea hil zuen gizonak Ertzaintzaren zaintzapean jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Ustezko hiltzaileak hasiera batean ihes egin bazuen ere, Ertzaintzak atzo arratsaldean atxilotu zuen Mutrikun.

Biktima Maguette Mbeugou da, jatorri senegaldarreko 25 urteko emakumea. Bikotekidearen kontra salaketa jarri zuen Udaltzaingoan, indarkeria matxista egotzita.

13:30ean bizilagun baten deia jaso ostean, ertzainak Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxebizitzara sartu ziren eta emakumearen hilotza aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin.

Ertzaintzak biktimaren senarra bilatzeari ekin zion eta 19:00ak aldera atxilotu zuen Mutrikun, emaztea hiltzea leporatuta.

Ikerketako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoak labanaz hil zuen emaztea bi alaba txikiak bertan zirela.

Auzokideek azaldu dutenez, astelehen goizaldean, 05:30ean, zarata handia entzun zuten senar-emazteen etxean. ETBk jakin ahal izan duenez, baliteke hilketa matxista orduan gertatu izana eta, beraz, bi alaba txikiak amaren gorpuarekin 24 orduz baino gehiagoz egon izana.

Hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzeak

Bilboko Udalak eta Mugimendu Feministak mobilizazioak deitu dituzte gaurko, Bilboko hilketa matxista salatzeko.

Goizean, 10:30ean, elkarretaratzea egingo dute udaletxeko eskaileretan, Udalak deituta. Mugimendu Feministak, berriz, manifestazioa deitu du arratsalderako. Mobilizazioa Enkarnazio plazatik abiatuko da, 20:00etan.