Senarra salatu ostean, Maguetteri babesik eman ez izana kritikatu dute

0

Bilboko komunitate afrikarrak gogor kritikatu du Maguette Mbeugouri ez ziotela inolako babesik eman, tratu txarrak emategatik senarraren aurka Udaltzaingoan salaketa jarri zuen arren. Udalak oraingoz ez du halakorik baieztatu eta Juan Mari Aburtok gai horri buruz ezer esatea saihestu du.

25 urteko emakumea atzo hil zuten Ollerietagoiena kalean zuen etxebizitzan, eta haren bikotekidea Mutrikun atxilotu zuten ordu batzuk geroago, hiltzailea izatea egotzita.

Biktimaren bost urteko bi alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku daude oraingoz. Datozen orduetan diputazioko arduradunak gurasoen senideekin bilduko dira, haien tutoretza noren esku geratuko den adosteko.

Goizean, bost minutuko elkarretaratze isila egin dute Bilboko udaletxearen aurrean hilketa gaitzesteko. Ehunka lagun elkartu dira, tartean erakunde ezberdinetako ordezkariak eta Bilbo bizi den komunitate afrikarraren ordezkaritza zabala.

Bilkura amaituta, Marie Lucia Monsheneke emakume afrikarren elkarteko bozeramaileak azpimarratu du emakume afrikar batek tratu txarrak salatzen dituenean «aintzat hartu» behar zaiola, salatzeko urratsa emateak «zama kultural handia» duelako.

Ildo horretan, emakume etorkinak «indarkeria bikoitza» pairatzen duela erantsi du. «Maguetten hiltzaileaz inork ez du gaizki hitz egiten, erasotzaileak ez duelako perfilik: jatorra izan daiteke kalean eta deabrua etxean«, ohartarazi du.

Abdoulaye Wade Bizkaiko Senegaldarraren Batasuneko presidenteak esan du «haserre» daudela Maguette babesteko neurriak hartu ez zirelako, senarra tratu txarrak emateagatik salatu bazuen ere.

«Ez du inor akusatu nahi, baina etorkin batek salaketa bat jartzen duenean, asiloa eman behar zaio, lehenengo egunetik azkeneraino», nabarmendu du.