Sei zauritu, horietako bi larri, Iruñeko Alde Zaharrean piztutako sute batean

0

Sei pertsona zauritu dira, horietako bi larri, Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean goizaldean izandako sutean, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.

Sutea goizaldeko ordu bata baino pixka bat lehenago piztu da Iruñeko Kale Nagusiko 55. zenbakiko lehen solairuan.

Eraikina jendez hustu behar izan dute, eta guztira 6 pertsona eraman dituzte Iruñeko Ospitale Gunera. Sei zaurituetako bik (50 urteko emakume bat eta 47 urteko gizon bat) erredurak egin dituzte, eta larri daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Emakumea Gurutzetako Erredura Handien Unitatera eraman dute.

Bestalde, arin zauritu diren lau pertsona horietako bat udaltzaina da; kea arnastu du eraikina husteko lanetan laguntzen ari zela.