Sestaoko Navalek lan-erregulazioko txostena aurkeztu du

0

Sestaoko Navaleko konkurtso administratzaileak 177 langileri eragingo dien lan-erregulazioko txostena aurkeztu du astelehen honetan, eta kaleratzea datorren astean formalizatuko da.

Navaleko lan batzordeak konkurtso administratzaileren eskutik jaso du, gaur goizean, lan-erregulazioko txostenaren berri. Langileek, protesta gisa, itxialdia egingo dute gaur, gaueko 22:00etatik 6:00ak arte, Sestaoko ontziolan.

Goizeko 9:00etan, konkurtso administratzaileak lan batzordeko presidentea eta idazkaria bulegora deitu ditu, biei amaierako lan-erregulazioko txostenaren baieztapena aurkeztu eta sinatzeko. Datorren astean, astelehen edo asteartean, epaileari igorriko diola esan die.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuaren hitzetan, Van Oord armadorearen ontzia Sestaon ez bada egiten, Navalen egoera «konponezina» izango da.

La Navaleko beharginek asteazkenean bilera duteTapia sailburuarekin. Azken horrek egoera kritikoa dela esan du, eta Eusko Jaurlaritza hiru helburu eskuartean dituela lanean ari dela adierazi du.

Bestalde, Loli Garcia Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, lanean jarraituko dute langileei eta inguruko enpresei irteera «duina» bilatzeko.

La Navalek 177 langile ditu, horietatik % 80 Navantiaren estatuko ontzioletan birkokatuko lituzkete, baina ontziolaren inguruan azpikontratatuta lan egiten duten 400 enpresa eta 1.800 langileak kalean geratuko dira.