Fiskaltzak beste sei hilabetez luzatu du Osakidetzako LEPari buruzko ikerketa

0

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren auzian, EAEko Fiskaltzak sei hilabete luzatu du aurretiazko eginbideen fasea. Horrenbestez, denbora gehiago izango du irregulartasunak izan ziren ala ez erabakitzeko. Sindikatuek salatu zutenez, azterketak filtratu egin ziren.

Ikerketa egiteko legeak ezartzen duen epea sei hilabetekoa da, ELA sindikatuak (salaketa aurkeztu zuen sindikatuen artetik lehena) auzia epaitegietara eraman zuenetik neurtzen hasita.

Fiskaltzako iturriek azaldu dutenez, Estatuko Fiskaltzari sei hilabeteko luzapena eskatu dio, esku artean dokumentu bolumen handia duelako eta lekukotasun ugari dituelako. Onartu egin diote eskaria.

Beraz, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan irregulartasunak izan ziren ala ez zehazteko Fiskaltza egiten ari den ikerketak urtebete iraungo du. Epe hori amaitutakoan, auzibideak aurrera jarraitzen duen edo kasua artxibatzen duen erabaki beharko du Fiskaltzak.