Guardia Zibila Sener enpresaren Getxoko bulegoak miatzen ari da

0
PRUEBA

Guardia Zibilaren agenteak Sener ingeniaritza enpresak Getxon (Bizkaia) dituen bulegoetan sartu dira gaur goizean, miaketa egiteko. EFE albiste agentziaren arabera, miaketak ‘% 3ko auzia’rekin (CDC alderdiaren ustezko finantzaketa ustelari buruzkoa) du zerikusia.

Hainbat patruila enpresaren kanpoaldean daude, beste agente batzuek bulegoak miatzen dituzten bitartean.

EFE albiste agentziak ikerketaren iturriak aipatuta jakinarazi duenez, Sener konpainiako zuzendari baten ordenagailua arakatzen ari dira agenteak. Getxoko ingeniaritza enpresak Kataluniako abiadura handiko trena eraikitzen parte hartu zuen, eta horrekin zerikusia duten dokumentuak ere bilatzen ari dira.

Bizkaian ez ezik, Katalunian ere miaketak egiten ari dira auzi horren kontura. Hala, Lehiarako Aginte Katalanaren bulegoetan eta Bartzelonako beste zazpi enpresatan ere sartu da Guardia Zibila.