Seigarren lanuzte eguna, Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan

0

Seigarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan. Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. eta Pesalur S.A. enpresetako langile guztiak daude deituta lanuzteak egitera, eta greba deialdi horrek Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die. Guztira, sei orduz egingo dituzte lanuzteak, txanda bakoitzeko bi orduz: 07:30-09:30, 18:00-20:00 eta gaueko txandako lehen bi orduak.

Gainera, beste bi egunetarako ere deitu dute greba: azaroaren 26 eta 29rako. Bi enpresok Bizkaibusen 40 linea baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua (200 bat autobus).

Lanuzteek 42.000 erabiltzaileri eragingo diete, eta gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak izango dira.

Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean dituzu zehaztuta.

Aurreko lanuzteetan, grebaren jarraipena % 100ekoa izan zen, sindikatuen arabera. Gainera, neurri juridikoak iragarri dituzte, Jaurlaritzak ez dituelako agindutako gutxieneko zerbitzuak bete, horien esanetan.

Bi konpainia horietako enpresa batzordeek zortzi greba egun deitu dituzte azaroan Bizkaibuseko hainbat lineatan, 2017ko abenduaren 31tik iraungita dauden hitzarmen kolektiboen negoziazioetan aurrerapenik ez dagoelako.

Lanuzte gehiago abenduan

Azarokoez gain, abendurako lanuzteak deitu dituzte Bizkaibuseko zenbait ibilbideetako beharginek. Besteak beste, 24 orduko greba egingo dute abenduaren 21ean, San Tomasen, EMB eta Pesalur patronalek negoziazio mahaian blokeoa ezarri dutela salatzeko. Bilbobuseko langileek ere greba egingo dute San Tomasen.

Ezkerraldean eta Enkarterrin ibilbideak egiten dituzten EMBko langileek bi orduko beste bost lanuzte egitea erabaki dute txanda bakoitzeko abenduan: 10, 11, 13, 17 eta 20.

Pesalurreko langileek, aldiz, 4 orduko lanuzteak egingo dituzte abenduaren 10, 13 eta 17anDurangaldea, Nerbioi eta Arratian ibilbideak egiten dituzte.