3.919 haur jaio ziren apirila eta ekaina artean EAEn, 2017an baino % 10 gutxiago

0

Euskal Autonomia Erkidegoan 3.919 haur jaio ziren 2018ko bigarren hiruhilekoan, iaz baino % 9,7 gutxiago. Jaiotze tasak, bereziki, Araban egin zuen behera (% 15,4), baina Bizkaian ere nabarmena izan da beherakada (% 10,8). Gipuzkoan, aldiz, % 4,8 jaitsi da jaiotze kopurua.

Guztira, 631 haur jaio ziren Araban, 1.970 Bizkaian, eta 1.318 Gipuzkoan, Eustat Euskal Estatistika Institutuak jakinarazi duenez.

Esan bezala, apirileko, maiatzeko eta ekaineko datuak hartu dituzte kontuan, eta iazko denbora tarte bereko jaiotzeekin alderatu dituzte. Hala, aurtengo aipatu hiruhilekoan jaiotako umeen % 43,1 ezkondu gabeko bikoteenak ziren. Iaz, berriz, % 44,5ekoa izan zen kopuru hori. Bizkaia izan da, zehazki, batezbestekoa gainditu duen bakarra: % 46,4. Araban % 40,7koa izan da zenbatekoa, eta Gipuzkoan % 39,3koa.

Halaber, jaiotako haur horiek neba-arrebak dituzten ala ez aztertu dute. Ikerketak erakusten duenez, 1.884 umek ez zeukaten neba-arrebarik; 1.558 (% 39,8k) dagoeneko beste haur bat zeukaten familietan jaiotakoak ziren, eta % 12,2k, gutxienez, bi neba-arreba zituzten.

Adinari dagokionez, 30 eta 34 urte bitarteko amen artean ematen dira jaiotze gehienak(% 35,4), nahiz eta oso gertu dauden 35 eta 39 urte bitarteko emakumeen kasuak ere (% 3,3).

Portzentajea askoz baxuagoa da 25-29 urteko emakumeetan (% 13), eta are txikiagoa 25 urtetik beherakoetan (% 6,1).

Oro har, ezkongai zeuden amek gazteago izan zituzten seme-alabak, ezkonduta zeudenek baino.