Eusko Jaurlaritzaren osasun-inkesta baten arabera, 2013tik bizi-itxaropenak ia urtebete egin du gora gizonen artean, 80,3 urtekoa baita orain, Europan baino bi puntu handiagoa. Emakumeen artean, berriz, ia ez da aldaketarik egon; izan ere, 86,4koa zen lehen eta 86,5ekoa da orain, Europan baino hiru urte handiagoa. Nabarmentzekoa da gorakada txikia antzeman dela desgaitasunarekin bizi izandako urte-kopuruan, 2013an baino 0,4 puntu handiagoa baita.
Jon Darpón Osasun sailburuak eman ditu ezagutzera 5 urterik behin Euskadin egiten den inkesta horren datu berriak. Inkesta horrek, euskaldunen osasun-egoera orokorra ezagutzera emateaz gain, lehentasunezko osasun-arazoak identifikatzeko aukera ematen du, eta osasun-mailako eta osasun-arretako ekitatea balioesten laguntzen du eta gizarte-taldeen osasun-arretako premia berriak ezagutzera ematen ditu.
2018an, gizonen % 87k eta emakumeen % 82k beren osasuna «ona edo oso ona» dela esan dute, Europako batez bestekoak baino % 15 eta % 16 gehiagok, hain zuzen. 2013arekin alderatuta, osasun onak gora egin du bi sexuetan (lau puntu gizonen kasuan eta bost emakumeetan). Maila sozioekonomikoak behera egin ahala, behera egiten du antzemandako osasun ona.
Osasun mentaleko arazoen prebalentziak behera egin du % 40 gizonetan eta % 32 emakumeetan, 2013ko datuen aldean. Gizonen % 9k eta emakumeen % 17k depresio- edo antsietate-sintomak ditu. Ingurune baztertuetan bizi diren pertsonek sintoma horiek edukitzeko ia hiru aldiz aukera gehiago dituzte.
Bizi-kalitatean eragina duten arazorik ohikoena mina eta ondoeza izan dira; gizonen % 24ri eta emakumeen % 33ri eragiten diete. Ondoren, antsietatea edo depresioa daude, baita mugikortasun-arazoak edo eguneroko jarduerak egiteko zailtasunak ere.
Bestalde, gizonen % 42k eta emakumeen % 46k diote gaixotasun kronikoren bat dutela. Gainera, arrisku kardiobaskularren faktoreen egonkortasuna antzeman dute.
Gizonen % 9k eta emakumeen % 11k jardueraren muga kronikoren bat dute. Tasa horrek ez dakar funtsezko desberdintasunik 2013ko datuekin alderatuz gero.
Osasun eragileak
Tabakismoa etengabe ari da behera egiten azken urteotan. Gizonen % 20k eta emakumeen % 14k erretzeko ohitura dute, eta aldea handia da gizarte-ingurunearen arabera. Klase mesedetuenetan, gizonen % 12 erretzailea dira, maila sozioekonomiko baxueneko % 30en aldean. Emakumeetan ez da aldaketa handirik ikusi. Estatuan, gizonen % 26k eta emakumeen % 19k erre ohi dute, eta, Europan, gizonen % 22k eta emakumeen % 15ek.
Murriztu egin da ohiko edaletzat jotzen den pertsona-kopurua, alegia, gutxienez astean behin edaten duen pertsona-kopurua. Gizonen % 56k eta emakumeen % 35ek egiten dute.
Gizonen % 14k eta emakumeen % 11k obesitatea dute; proportzio horrek behera egin du pixka bat emakumeetan, eta ez da aldatu gizonetan. Estatuan, obesitate-tasa % 18koa da gizonetan eta % 17 emakumeetan, eta, Europan, % 16koa gizonetan eta % 15ekoa emakumeetan.
Azken urteotan, sedentarismoak 6 eta 8 puntu egin du behera gizonetan eta emakumeetan, hurrenez hurren. Halere, gizonen % 20k eta emakumeen % 27k ez dute ariketa fisiko osasungarririk egiten.
Bestalde, gora egin du fruta eta barazkien eguneroko kontsumoak; ohikoagoa da emakumeetan. Gizonen % 68k eta emakumeen % 77k fruta hartzen dute egunero. Barazkien kasuan, ehunekoak behera egiten du, eta % 27koa eta % 38koa da. Bestalde, behera egin du egunero gozokiak jaten dituen pertsona-kopuruak, baina lautik batek jaten ditu.
Umeen % 80-84k jaso dute bere amaren esnea edo esne-bankuarena.
Inkesta horren datuak batzeko, etxez etxeko inkestak egin dira, 2017ko urriaren eta 2018ko maiatzaren bitartean, eta, horretarako, ausaz aukeratu dira 5.302 euskal etxe. Guztira, 12.071 pertsonari egin zaie inkesta.