Sarek ontzat jo du gaixorik dauden presoak askatzeko baldintzak leuntzea

0

Sare presoen aldeko herritarren sarearen ustez, “pauso positiboa” da Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak erabaki izana Espetxe Zuzendaritzaren 2017ko Instrukzioa indargabetzea, “larriki gaixo diren presoen kaleratzea oztopatzen baitzuen”, eta erantsi du indargabetzea “presoen egoera konpontzeko tresna izatea” espero duela eta “ez soilik Zaplanaren kasuari aterabidea emateko” erabakia.

Sareren oharrak dioenez, 21 euskal preso daude kartzelan eritasun larriek jota.

“100 preso hilik, urtero”

Horren ildotik, Sarek esan du urtero 100 preso hiltzen direla Espainiako Estatuko kartzeletan, berezko heriotza gisa “saltzen” direla horiek eta datu beltz horiekin bukatu beharra dagoela.

Sarek espero du “pauso hau idatzietatik harago joango dela eta praktikan aldaketak ekarriko dituela, urrunketa politikarekin egin ez bezala, aurreko Gobernuak ezartzen zituen baldintza berdinekin mantentzen baitu espetxe politika Gobernu honek ere”.

Mamiari helduz, Sareren ustez “instrukzioek ezin dute bizitzeko eskubidea arautu eta urratu, orain artean gertatzen ari den moduan. Presoen osasunaren eta honen trataeraren gaineko erabakiak osasun arloko adituei dagozkiela uste dugu”.

Manifestazioa, urtarrilaren 12an

“Gaixorik dauden presoak askatzeko eskatzen jarraituko dugu, eta hori da, hain zuzen ere, urtarrilaren 12an Baionako eta Bilboko kaleetara eramango ditugun aldarrikapenetako bat”, adierazi dute bukatzeko.