2019-2020 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 28an irekiko dute EAEn

0

Urtarrilaren 28an irekiko du Hezkuntza Sailak aurrematrikula epea Haur Hezkuntzan (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horrela, otsailaren 8ra arte egin ahal izango da aurrematrikula (otsailaren 7ra arte online bidez egiten dutenen kasuan).

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Maite Alonso sailburuordea izan dira 2019-2020 ikasturterako matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Esan bezala, urtarrilaren 28an ekingo diote kanpainari «Zatoz gurera» lelopean.

Aurten, gainera, telebistako iragarkian Euskal Eskola Publikoko umeek hartuko dute protagonismoa, Lezoko Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroko ikasleek, hain zuzen ere.

Bestalde, ikastetxean bertan edota Internet bidez eman ahal izango dute izena ikasleek. Bigarren aukera hautatuz gero, www.hezkuntza.net webgunera jo beharko dute, eta bertan atxiki beharko dituzte beharrezkoak diren dokumentu guztiak.

Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du www.ikasgunea.euskadi.eus atariak familientzako informazioa jarriko duela eskuragarri, baita ikastetxeen kokapenak ere.

BerritasunakAurkezpenean, Uriartek aurtengo berritasun nagusien berri eman du:

-Guztira, 12 ikastetxe aukeratu ahal izango ditu ume bakoitzak, lehentasunen arabera sailkatuta.

-DBHra doazen ikasleek ez dute eskaria egin beharko.

Informazio eta orientabide puntuak: Estreinakoz informazio eta orientabide puntuak ezarriko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten.

Kontuan izan beharreko egutegia

Urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra: eskabideen eta dokumentazioaren aurkezpena.

Otsailaren 14an: Eskaeren zerrenda argitaratuko dute.

Martxoaren 21ean: Behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte, bakoitzari dagokion plaza zehaztuta. Gainera, erreklamazio epea irekiko dute (martxoaren 28ra arte).

Apirilaren 4an: Behin betiko zerrendak. Helegiteak aurkezteko epea, maiatzaren 6ra arte.