Bertan behera geratu da Xabi Alonsoren aurkako epaiketa, zerga iruzurra egotzita

0

Bertan behera geratu da Madrilgo Lurralde Auzitegian gaur egitekoa zen Xabi Alonso futbolari ohiaren aurkako epaiketa, 2010 eta 2012 urteen artean Ogasunari bi milioi euroko iruzurra egitea leporatuta. Toki berean, Cristiano Ronaldo futbolari portugaldarra epaitu dute.

Xabi Alonsok errugabea dela defendatu du hasieratik eta, beraz, ez du Fiskaltzarekin akordiorik lortu. Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat hiru zerga delitu egotzita.

Azken urteetan hainbat futbol jokalari epaitu dituzte zerga iruzur delituengatik, baina tolosarra izango da bere errugabetasuna defendatzeko akusatuen aulkian eseriko den lehena. Hasieratik behin eta berriro berretsi du ez duela deliturik egin.

Alonsoren auzian, beste bi pertsona ere epaituko dituzteIvan Zaldua, zerga-aholkularia eta Ignasi Maestre, Kardazli Comercio Serviços de Consultoría e Investimentos LDA sozietateko administratzailea.

Bosna urteko kartzela-zigorraz gain, fiskalak launa milioi euroko isuna ordaintzea eskatzen die eta 2.032.845 euro, ostera, hiruren artean, erantzukizun zibil moduan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari.

Fiskaltzaren idatziaren arabera, Zalduak aholkatuta, Alonsok Madeiran egoitza zuen elkarte bat erabili zuen (Maestre administratzaile zuena), bere irudi eskubideak kudeatzeko.

Cristiano Ronaldoren kasuan, fiskalarekin akordioa lortu zuen eta, epaiketara azaldu beharko badu ere, zigorra jakina da: bi urteko kartzela zigorra eta 18,8 milioi euroko isuna. Portugaldarrak hiru zerga delitu egitea onartu zuen 2011tik 2014ra bitartean.