Navaleko langileak Kongresuaren aurrean bilduko dira 2019ko otsailaren 12an

0

Naval ontziolako langileek kontzentrazioa egingo dute Diputatu Kongresuaren aurrean otsailaren 12an, talde parlamentarioei eta Espainiako Gobernuari “irtenbide bat” eskatzeko.

173 langilerentzako lan-erregulazio plana eta enpresaren likidazio egoera direla eta, ontziolako langileak Sestaoko Udalaren aurrean elkartu dira asteartean. Han, enpresa-batzordea Josu Bergara Bizkaiko udalerri horretako alkate jeltzalearekin batu da.

Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkariaren arabera, Barakaldoko, Sestaoko, Portugaleteko eta Santurtziko alkateekin bilera bat egiteko eskatu diote Bergarari, Ezkerraldeko lau alkateek langileen kaleratzearen aurka egin dezaten.

Idazkariaren esanetan, enpresa-batzordeak bilera “lehenbailehen” izatea nahi du, otsailaren 12an alkate horiek bertan egon daitezen. Kontzentrazioak Estatuaren Aurrekontu Orokorren debatearekin bat egingo du.

Likidazio plana

Hala ere, Llordenen hitzetan, kaleratze gutuna egun hori baino lehen helduko zaie langileei. Enpresa-batzordeko idazkariak, ireki duten likidazio planaren barruan, konponbide hau proposatu du: Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak “Naval erostea eta langile guztiak kontuan izatea”.

Eskaintzak otsailaren 13tik aurrera aurkeztu ahalko dira, likidazio planaren barruan. “Langileok kaleratu baino lehen edo ondoren egin daiteke”, adierazi du Llordenek.

Manifestazioa Bilbon

Urtarrilaren 24an, 10:00etatik 11:00etara, Moyua plazan, manifestazioa egitera deitu dute Navaleko langileek. Protestan, konkurtsoko administratzailearen eta PSE-EEren egoitza aurretik pasatuko dira kaleratzeen aurka daudela adierazteko.

Llordenen aburuz, langile guztiak gogoan izango dituen inbertitzaile bat bilatu behar du administratzaileak, eta ez du egin. Horrez gain, iraganean Idoia Mendia PSE-EEko idazkariaren babesa “askotan” jaso dutela baina aspaldian ez dutela izan esan du Navaleko langileen ordezkariak.