Zabalik da 2019-2020 ikasturterako aurrematrikula epea Euskal Eskola Publikoan

0

Hezkuntza Sailak gaur, urtarrilak 28, abiatu du aurrematrikula epea Haur Hezkuntzan (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horrela, otsailaren 8ra arte egin ahal izango da aurrematrikula (otsailaren 7ra arte, online bidez egiten dutenen kasuan). Nafarroan, gaur zortzi ekingo diote kanpainari.

«Zatoz gurera» lelopean, aurten 12 ikastetxe aukeratu ahalko dituzte familiek, eta denei aldi berean ezarriko diete baremoa. Hartara, lehen aukera moduan zuten eskaeren artean banatzeari utziko diote.

Horrez gain, informazioa emateko guneak jarriko dituzte Gasteizen, Bilbon eta Arrasaten.

Ikastetxean bertan edo Internet bidez eman dezakete izena familiek. Bigarren aukera hautatuz gero, hezkuntza.net webgunera jo beharko dute, eta bertan atxiki beharko dituzte beharrezkoak diren dokumentu guztiak.

Halaber, Hezkuntza Sailak adierazi du www.ikasgunea.euskadi.eus atariak familientzako informazioa jarriko duela eskuragarri, ikastetxeen kokapenak, besteak beste.

Berritasunak

Honakoak dira aurrematrikulazio kanpaina honen berrikuntza nagusiak:

-Guztira, 12 ikastetxe aukeratu ahal izango ditu ume bakoitzak, lehentasunen arabera sailkatuta.

-DBHra doazen ikasleek ez dute eskaria egin beharko.

Informazio eta orientabide puntuak: Estreinakoz, informazio eta orientabide puntuak ezarriko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten.

Kontuan izan beharreko egutegia

Urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra: Eskabideen eta dokumentazioaren aurkezpena.

Otsailaren 14an: Eskaeren zerrenda argitaratuko dute.

Martxoaren 21ean: Behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte, bakoitzari dagokion plaza zehaztuta, eta erreklamazio epea irekiko dute (martxoaren 28ra arte).

Apirilaren 4an: Behin betiko zerrendak. Helegiteak aurkezteko epea, maiatzaren 6ra arte.