6,6 milioi itzuliko ditu Bizkaiak ostegunean, amatasun eta aitatasun bajengatik

0

Bizkaiko Ogasunak 6,6 milioi euro ordainduko die ostegun honetan (hilak 31) 8.617 zergaduni, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, 2014tik 2017ra bitartean amatasun eta aitatasun prestazioengatik atxikitakoari dagokion dirua da.

Itzulketa horien onuradunek beren bankuko kontuan jasoko dute zenbatekoa. Ogasunak duela gutxi bidali die jakinarazpena onuradunei, zenbat itzuliko zaien adieraziz.

Bigarren ordainketa honekin, Foru Ogasunak 39,4 milioi euro itzuli dizkie, guztira, 31.450 zergadunei. Lehen ordainketa abenduan izan zen.

Ogasunak azpimarratu duenez, edozein unetan eskatu daiteke itzulketa egiteko, betiere ez bada preskribatu kasuan kasuko PFEZaren likidazioa. Horretarako, interesa dutenek eskabidea aurkeztu behar dute, halako kasuetarako prestatu den eredua beteta. Eredu hori Ogasunaren webgunean aurki daiteke, baita Foru Aldundiak Bizkaiko zenbait herritan jendeari laguntzeko jarri dituen 17 bulegoetan ere.

Eskabidea aurkeztutakoan, Ogasunak berriro egingo du zergadun bakoitzak prestazioa jaso zuen ekitaldiari dagokion errenta-aitorpena, eta diru-sarrera hori salbuetsitako errentatzat hartuko da. Kalkulua egin ondoren, zergadunari emaitza jakinaraziko zaio, eta diferentzia bankuko kontuan ordaindu.

Bizkaiko Ogasunak egindako kalkuluen arabera, 45 milioi euro inguru itzuliko ditu. Izan ere, 2014 eta 2017 bitartean, Bizkaian 49.640 lagunek 60.263 amatasun edo aitatasun prestazio jaso zituzten; guztira, 229,8 milioi euro. Eta, kopuru horren gainean, 21,7 milioiko atxikipena egin zen.