Mobilizazioei eustea erabaki dute Bizkaiko pentsiodunek

0

Elkarretaratzeekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, astearte honetan bilera egin ondotik jakinarazi duenez.

Astelehenean, pentsio “duinak” eskatzeko Bilboko udaletxearen aurrean egin ohi duten elkarretaratzean, manifestari batzuek protestak laga behar zituztela iragarri zuten, eskakizun batzuk lortu dituztela eta kolektiboa “politizaturik” dagoela iritzita.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bilera egin du astearte honetan egoera aztertzeko, eta hobekuntza partzialak lortu dituztela ondorioztatu du, “baina ez gure eskaera nagusiak asetzeko beste”.

Zentzu horretan, benetako KPIren arabera pentsioen balioa legez handitzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pribatizazio saiakeren aurrean pentsio sistema publikoaren defentsa aldarrikapen nagusiak direla gogorarazi dute.

Aldarrikapenok “Bizkaiko Pentsioen Mugimenduak bultzatu eta adostu” dituela azaldu dute agiri batean.

“Alderdikeriarik gabeko” mugimendu “bateratu eta anitza da”, azpimarratu dute, “nahiz eta pentsioen aurkako jarreretatik gure oinarrizko printzipioen irudia desitxuratu nahi”.

“Prekarietatea” bukatzeko neurriak eskatu dizkiote Emakunderi

Bestalde, Euskadiko emakume pentsiodunen plataformetako ordezkariak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin bildu dira Gasteizen, pentsiorik baxuenak dituen kolektiboaren “prekarietatearekin” bukatzeko neurriak eskatzeko.

Emakume erretirodunek edo alargunek bizi duten egoera salatu dute Arantza Corrales eta Elvira Arberas mugimenduko bozeramaileek prentsaurrekoan, bilera amaitu ondoren. Euskadin 873 eta 822 euroko batezbesteko pentsioa dute, hurrenez hurren, baina praktikan “emakumeen erdia baino gehiago zenbateko horien azpitik daude”.

Zentzu horretan, pentsio baxuak lanean izan dituzten baldintzen ondorio direla uste du Corralesek, “okerren ordaindutako lanbideak eta kategoriak izan dituztelako, aldi baterako kontratuekin eta soldata prekarioekin”. “Ia 100.000 emakumek ezkutuko ekonomian lan egin dute, eta egindako ekarpena ez dute aintzat hartu”, erantsi du.