Alerta egoera Hego Euskal Herriko hainbat tokitan, uholdeengatik

0

Segurtasun Sailak alerta fasea ezarriko du larunbatean, Euskal Autonomia Erkidegoan, uholde arriskuagatik. Hain zuzen ere, 00:00etatik otsailaren 2ko 12:00ak arte egongo da indarrean alerta egoera, datozen orduetarako iragarritako euriteak direla eta.

Iragarpen horren aurrean, ibaien egoera gertutik aztertzen ari dira Uraren URA Euskal Agentzia, Euskalmet Meteorologia Agentzia eta foru aldundiak.

Euskalmeten arabera, ekaitz gogorra sartuko da Kantauri itsasoaren mendebaldetik, eta ekialderako bidea hartuko du gero. Euria ez ezik, elurra, itsaso zakarra eta haize ufada handiak eragingo ditu.

Iruñeko Udalak alerta fasea ezarri du, Arga ibaiaren maila nabarmen igo delako

Iruñeko Udalak, bestalde, gauerdian ezarri du alerta fasea, Arga ibaiaren emari handiak behartuta. Leku batzuetan gainez egin du Argak, eta ondorioz hainbat errepide itxi dituzte: NA-30, kasu.

Gainera, NA-2410 errepidea itxi dute, uholdeengatik, Huarte Arakil parean, Arakil ibaiaren maila nabarmen hazi da eta.