10 urtetik gorako autoak aldatzeko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak

0

Eusko Jaurlaritzak 10 urtetik gorako ibilgailuak errepideetatik ateratzeko eta berriak erosten laguntzeko Renove plana jarriko du martxan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak aurreratu duenez. Renove plana martxoan prest izatea aurreikusten du Jaurlaritzak eta era guztietako ibilgailu berriak erosteko laguntzak emango ditu.

Arantxa Tapiak automozioaren inguruko jardunaldi batzuetan egin du iragarpena Zornotzako AIC Automotive Intelligence Centerren.

Irekiera ekitaldian azaldu duenez, Renove plana ez ezik, euskal industriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak ere hartuko ditu Jaurlaritzak.

Automozioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Renove planari Espainiako Gobernuak aurtengorako eta hurrengo urterako iragarritako Renove plana gehitu behar zaio. Sanchezen Gobernuaren Renove planak 200 milioi euroko diru partida izango du.

Tapiak ez du Renove planaren zenbatekoaren inguruko daturik aurreratu, baina martxoan Energiaren Euskal Erakundearen bitartez martxan jarriko dela zehaztu du.

Jaurlaritzaren egitasmoa neutraltasun teknologikoan oinarrituko da, hau da, era guztietako ibilgailuak erosteko laguntzak egongo dira (hibridoak, elektrikoa, gasolina eta diesela). Dena den, oraindik ikusteko dago kasu guztietan laguntzak berdinak izango diren ala ez.

Laburbilduz, laguntzak 10 urtetik gorako autoa erretiratu eta berriak erostearen truke emango dira.